XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hondarribiko Eskifaia abesbatza Frankfurteko Jaialdian aurkeztu

Hilaren 20an eskeiniko du bere azken kontzertua Alemanian.

Festibal askotan parte hartu ondoren, oraintxe du, agian, Hondarribiko Eskifaia abesbatzak konpromezurik haundiena eta ohorerik estimagarriena ere bide batez, abuztuaren 9tik 20ra bitarte Frankfurt hirian ospatzen ari den festibalera konbidatua izan delako, Bulgaria, Txekoslobakia, Dinamarka, Finlandia, Estatu frantsesa, Britainia Haundia, Polonia, Sudafrika, Suedia, SESB eta Alemania bertako beste abesbatza batzurekin parte hartzeko.

Abuztuaren 12an eta 13an abestu ondoren, hilaren 19an emanen du Eskifaiak eskeini behar zituen hiru kontzertuetako azkena.

Beste koroekin batera, eta Laurss eta Westensehurreko orkestra sinfonikoekin, Prokofieff-en Alexandre Newski eta Benjamin Britten-en War Requiem interpretatu eta interpretatuko ditu.

Euskal Herriko konpositoreek ere izan dute lekua Eskifaiak eskeinitako kontzertuetan.

Oso goian jarri zuen helmuga Jabier Bustok, duela hamar urte, eta goraino iritsi behar zen.

Bidea luzeegia ezin ezarri, ordea, gazteak bait ziren denak, eta epe laburrean jaso behar ziren txaloak eta garaipenak.

Atsedenik gabe Eskifaiako eskifaia osoak ez du harrez gero atsedenik hartu, harik eta abesbatzaren izena eta balioa ezagutua eta onartuak izan diren arte.

Hondarribiko koroari izena jarri zionak ongi zekien talde oso baten lanak bakarrik lor dezakeela arrantzuntziaren egitekoa burutzea, hau da, itsasora joan arrantza oparoa egin, eta kaiara itzuli arraina ekarriz.

Urertzean jaio den umeak betidanik ikusi ditu ontzietako eskifaiak besoz beso uztartuak eta batuak sarea erria eta ala.

Hiru talde ditu erakundeak: Eskifaia, Xatz eta Eskifaia Txikia.

Lagun asko biltzen du bere ondoan.

Koru nagusian 50 abeslari dira, eta hirurogeina beste bietan.

Bizpairu egunetan biltzen dira guztiak asteoro, entsaioak egiteko.

Zorrotz hartzen ditu Jabier Busto zuzendariak.

Sendagile gazte hau da koroaren sortzaile, zuzpertzaile eta zuzendari nekaezina.

Berak daki inork baino hobeto punta puntara igo behar dela.

Obra berriak ere idatzi ditu, 1986. 1988 eta 1989an lehenengo sariak irabaziz Tolosa eta Igualadako musika obra berrien lehiaketetan.

Hamar urte izanik koroa egin zenetik, Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Bartzelonan, Lleidan, Logroñon, Madriden, Salamancan, Valencian, Valladoliden, Bratislaban, Frankturten, Toursen, Venezian, Veveyn, Vienan eta abar eman ditu kontzertuak.

Irabazitako sariak Aipagarriak dira, gainera, irabazitako sariak.

Egea de los Caballeros, Tours, Tolosa, Gorizia (Italia), Spittal (Austria) eta Mainhausen (Alemania) dira koroaren mailaren lekuko apartak, hamabost sari nagusi ekarri dutelako, sei bider lehenbizikoa lortuz.

Olatuaren gailur gailurrean dabil Eskifaia.

Ordu asko egiten dute lanean eta uzta jasotzen hasiak dira.

Atzetik dakarten harrobiak, berriz, itxaropenaren hegalak zabaltzen ditu.

Badirudi, horrela begiratuz gero, luzarorako dagoela Eskifaia, eta musikaren haize freskoak beteko duela, bere neurrian, espirituak ere behar duen atseden berria.